XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaldunakoen bigarren gatazka

HIRU hilabetetako mobilizazio gogor batzuen ondoren, 1985eko hasieran, itxi zen Euskalduna, Bilboko untzigintzako fabrika.

Hura gatazka bortitza eta odoltzua izan zen, langile bat, Pablo Gonzalez Larrazabal, hilik eta anitz zauriturik suertatu zirelarik.

Baina isolamenduak, beste sektoretako langileen solidaritate eskasak eta sindikatu batzuen jarrera uztelak batipat UGTrenak gatazka galerazi zuen Euskaldunako enpresan.

Beste horrenbeste gertatu zen Estatu mailako untzigintzetan.

Euskaldunako 2.500 langile Fondos de Promoción de Empleo deritzaiona pasa ziren, agintariek promes eginez hiru urteren buruan lanera itzuliko zirela.

Orokorki,13.000 lanpostu galdu ziran Estatuan untzigintzako sektorean, PSOEk bideratu zituen birmoldaketan.

Hil honen bukaeran betetzen dira hiru urte eta Euskaldunako langileak engainatuak sentitzen dira, ez bait dira berriz kolokatu eta Fondoak finitzera doaz.

Horregatik, amorrazioz beterik, etsi-etsian, mobilizaziotara jo dute helburutzat untzigintza irekitzeko eskaria dutelarik.

Ia egunero kalera irtetzen dira protesta bizian, barrikada eta beste ekintzen bidez, Bilboko kaleetan aldarrikatuz bere egoera latza.

Beraz, esan liteke Euskaldunan bigarren gatazka hasi dela.

Baina zaila ikusten da PSOEren gobernuak berriz Olabeagako untzikintza irekitzea.

Azken datoen arabera, beste 18 hilabete luzatuko zaiote FPEetan, martxoko Dekreto-legea erabiliz.

Erabaki hau hartzen badu gobernuak, langileak galtzen aterako dira, zeren lehenengo trimestrean 70eko soldata jasoko baitute eta 60a bigarrenean eta 50 gelditzen dena ondorengo hilabetetan.

Honetaz aparte, Bizkaitik eta Euskal Herritik kanpo lanera bidaltzeko posibilitatea jasotzen du dekretoak eta halaber lanez aldatzea.

Aukera hau ez dute inolaz ere onartzen langileek eta gogor salatu dute.

Hau ikusirik, esan daiteke birmoldaketako politikak porrot egin duela, zeren lanpostuak eta oinarrizko industria suntsitzea lortu bait du, beste irtenbide bat eraiki gabe.

Untzigintzari dagokionez, eskarien eboluzioa ez da ados etorri egin ziren prebisioekin eta merkatuak hondoratua segitzen du.

Hau dela eta, munduko flota kontuan edukirik, 150 miloi tonelada pisu ezertarako gabe daudela, esaten da eta azken urte hauetan beste herrialde lehakide batzuk sortu direla, batipat Korea Hegoaldean.

Gauzak horrela, FPEko langileek langabezira pasatzeko arrisku handian daude, ez bait da PSOEren gobernuak berindustrializazio planak aurrera eramateko kapaz izan, ezta langileen eskubideak defendatzeko ere, sistema kapitalisten eskariak lehalki betetzeko baizik.

Alderdi eta sindikatu gehienek PNV barne exigitzen diote PSOEeri Euskaldunako langileak berriz kolokatzea edo bestela untzigintza irekitzea.

Mobilizaziotan laguntzen dion bakar batzuk izan ezik, beren burua zuritzeko erabiltzen dutenen propaganda hutsa da erakunde askoren iharduna.

Batipat PNV alderdiak erantzukizun garbia du, PSOEren gobernuak eramaten ari den politika ekonomikoarekin adostasuna erakusten duen bitartean.

Oraingoan ere, Euskaldunako langileek ez gogor ekiten ez badiote, zaila izango dute bere xedea lortzea, PSOEren harrokeria eta indarkeria ikusirik.

Bitartean, Bilboko ibai ertzeko untzigintza erdoilez usteltzen ari da.

Ardotxi.